Zergatik sortu da 2020 Postalak?

2020ko martxoan, gure mundua gelditu egin zen ustekabean jazo zen gertakari ezezagun baten ondorioz. Mundu mailako pandemia bat, Covid-19a, eta ondorioek aurrekaririk gabeko krisi sanitario, ekonomiko eta soziala eragin dute. Egun batetik bestera gure bizimodua erabat aldatu zen, eta krisiak egoera berri askori aurre egitera behartu gintuen, baita gaur egun ere.

Maite ditugun pertsonen galera, mugikortasun-murrizketak, askatasunen murrizketa, telelana, kontziliazio-arazoak, autonomia-galera, bizikidetza-zailtasunak, bakardadea, errutina eta harremanak izateko modu berriak, larritasun ekonomikoa, lan zailtasunak, osasun-arazoak, txertoak… Egungo krisiak aurre egitera behartzen gaituen egoeren adibide batzuk baino ez dira, baina gure sentimenduetan eragiten dute.

Tristura, antsietatea, beldurra, desorientazioa, ilusioa edota itxaropena dira, besteak beste, gaur egun lagun ditugun sentimendu batzuk. Emozio ezberdinak, batzuetan identifikatzen ere ez dakizkigunak, eta are gutxiago azaltzen.

Testuinguru horretan sortu zen 2020 Postalak, helburu bikoitza duen proiektu esperimentala:

Aldaketa handiko garaiak bizi ditugu, lehengo Donostia bera izango ez den hiria eraikitzeko, eta hiri hobea izan dadin, beharrezkoa da krisiak eragindako kalte emozionalak modu osasungarrian konpondu ahal izatea. 2020 Postalak egitasmoak, esperimentaziorako proposamen berriarekin, guztiok parte senti gaitezkeen garai berria eraikitzen lagundu nahi du bertan lortu daitezkeen ikaskuntzekin.